XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakaskuntza euskaldunaren aldeko jaia gaur Gernikan Bilbo.

Ertainetako ikasle nahiz irakasle euskaldun bizkaitarrak Gernikan batuko dira gaur D Ereduko Koordinakundeak deituriko jai-erreibindikatiboan parte hartu asmoz.

Izan ere, OHOn B edo D ereduetan aritu diren ikasleek D ereduan estudiatzen segitzea erabaki dezaten, aurrematrikulazio sasoian kokatu du Koordinakunde honek jai ekimena.

Jai ekitaldiak goizeko hamarretatik aurrera hasiko dira eta, antolakuntza lanetan irakasle, guraso eta ikasleak berak aritu diren arren, gaztetxoei zuzendurik dago gehien bat egitaraua.

Aukera izango dute ikasleek hainbat kirol txapelketatan parte hartzeko, besteak beste, futbito, saskibaloia, esku-pilota eta sokatira lehiak antolatu direlarik.

Norgehiagoka horretaz gainera, bertsolari lehiaketa izango da, bai eta Basauri eta Txurdinagako institutoetako ikasleek eskeinitako antzerki saio bi ere.

Irakaskuntzari lotutako gisa honetako ekimenean ezin zen hezkuntz-ekitaldi dibertigarririk falta, eta horretaz arduratu dira, hain zuzen ere, Historia arloko irakasleak.

Programan adierazten denaren arabera, Gernikako itsas-adarretik barrena trenez egindako bidaia da kasu honetarako prestatu den klasea moduko hau.

Egun osoan zehar hamaika ikuskizun egongo da, hankapalu nahiz txistularien presentziaz horniturikoa.

Aipatu beharra dago, halaber, Gernikako institutoko abesbatzak eskeiniko duen saioa.

Jai honen bitartez, Bizkaiko kideek elkarri ezagutzeko aukera izango dute jai egun bat euskaraz igarotzen duten bitartean.

Gogora dezagun une honetan Bizkaiko ertainetako hezkuntza publikoan lau mila eta berrehun estudiante dagoela eta ikaslego-kopuru hau areagotzen ari dela.